viernes, 19 de enero de 2024

Melinao Likan (maputxe ordezkaria): “Gure Ama Lurra defendatzen jarraituko dugu, aurrerantzean etorriko zaizkigun legeek eta gobernuek egiten dutena egiten dutela”

Gose-greba likidoaren bidez, azaroaren 16an Txileko epaileek ezarritako 15 urteko espetxe-zigorra errebokatzea exijitu dute Ernesto Llaitul, Esteban Henríquez, Ricardo Delgado Reinao eta Nicolás Alcamán ekintzaile maputxeek. Dagoeneko 66 egun daroatzate baraualdian eta CAM Arauco Malleco Koordinakundeko beste 11 preso politiko batu zaizkie protestara. Bada, egoeraren larritasunaz ohartarazi gaitu Melinao Likan Wallmapuko Ercilla sektoreko Rodrigo Melinao komunitateko werkena. CAM Arauco Malleco Koordinakundeko kidea ere bada eta, momentu honetan, Concepciongo Biobío espetxeko 32. moduluan gose-greban dauden preso politiko maputxeen ordezkaria.


Egilea: Gabi Basañez (ekintzaile internazionalista) / Itzulpena: Kepa Ugarte (euskarazko kazetaria)

Zein egoeratan daude une honetan gose greban dauden preso politiko maputxeak?

Concepciongo Biobío espetxeko 89. moduluan 66 egun daramatzate gose-greban, eta 32. moduluan 36 egun. Nabarmendu behar da haiek tinko jarraitzen dutela, gose-greba likidoaren ondorioz euren osasun-egoera nahikotxo okertu egin den arren. Halandabe, protestagaz segitzeko asmoa daukate, gose-greba honen hasieran egin zituzten eskaerak lortu arte.

CAMen lau maputxeri egindako akatsez beteriko epaiketa baliogabetu dezatela gura dute. Epaiketa horretan 15 urteko kartzela-zigorra ezarri zaie horiei. Gainera, gose greban dauden gainerako presoak ere inputatuak izaten ari dira, auzia zuzentzen duen fiskalak aurkeztutako akusazioagaz bat ez datozen frogak erabiliz.

Euskal Herrian baten batzuk maputxeen herriaren borrokaren jakitun dira. Baina milaka kilometrotara dagoen herria da, itsaso batek banandua. Azalduko zenuke zelan bizi duzuen lurraren aldeko borroka?

Maputxe Herriaren helburua, lehenik eta behin, maputxeen nazioa berreraikitzea da. Gure arbasoak espainiarrek inbaditu zituzten. Hala ere, ez da inoiz galdu gure lurraldea berreraikitzeko eta berreskuratzeko espiritua, nahiz eta gaur egun Txileko Estatuak Wallmapu ingurua militarizatua duen. Horren ondorioz, inbasioa hasi zenetik, maputxe asko hil dira eta beste asko espetxeratu egin dituzte.

Gure eskubideak eta gure lurrak berreskuratzea baino ez dugu gura, horiek direlako gure mantenuaren eta maputxeen existentziaren oinarria. Hori da gure konpromisoa, gure arbasoek utzi ziguten berbera: gure lurra eta izaera berreskuratzea. Azken finean, maputxe gisa bizitzea.

Zelan aurre egiten diote une honetan komunitateek gobernu berri honen politikari Txilen, indarkerian eta etengabeko errepresioan oinarrituta egonda?

Gure borroka irauteko modu bat da. Ez da sistema kapitalistaren eta, zehazki, Txileko estatu kolonialistaren aurkako erasoa. Borrokan, geure burua defendatzen jarraituko dugu. Eta gobernu hau egon den okerrenetakoa izan bada ere —errepresioagatik, diskriminazioagatik, akusazio faltsuengatik—, guk uste osoa dugu aurrera egiten jarraituko dugula, akusazioak eta sortu diren lege berriak gaindituz.

Usurpatzaileak gu garela esaten dute, non eta gure lurrean bertan. Aitzitik, Txileko Estatua izan da, exekutiboaren bitartez, Usurpazio Legea sortu duena, maputxeoi gure Ama Lurra inbaditu edo legez kanpo okupatu izanaren errua egotziz. Hemen benetan ilegalak direnak europarrak, espainiarrak, amerikarrak, alemaniarrak... dira.

Gu hemendik joatea gura dute. Ba, argi izan dezatela gu hementxe bertan bizi garela eta gure Ama Lurra defendatuko dugula ahal dugun arte. Gu gara gure Ama Lurraren legezko jabeak, eta nola edo hala defendatuko dugu, aurrerantzean etorriko zaizkigun legeek eta gobernuek egiten dutena egiten dutela.

Gaur 66 egun bete dira preso politiko maputxeek gose greba hjasi zutenetik. Ze eskaera egiten du CAMek une honetan?

Lehen esan dudan bezala, CAMetik, Arauco Malleco Koordinakundetik, epaiketa baliogabetzea eskatzen dugu. Baina baita Concepciongo espetxean militante komuneroentzako modulu bat gaitzea ere. Egia esan, erakunde pribatu edo norbanako bati emakidan utzitako kartzela da, baina hori ez da gure arazoa.

Gobernuagaz batzeko borondatea ere badaukagu, berba egiteko. Berdin dio exekutiboak gurekin hitz egin nahi ez izatea. Baina, esan dezatela benetan gure erakundeagaz berba egin gura duten edo ez. Haiek nahi ez badute ere, gu Giza Eskubideen Nazioarteko Gortera joango gara, lur hauen jabeak gu geu izanda ere, gure herriaren kontra darabiltzaten aberrazioak, diskriminazioa eta militarizazioa salatzeko.

Bizitza arriskuan jarri dute 15 komunero hauek. Gobernuaren aldetik ba al dago irtenbideren bat bilatzeko asmorik?

Gabriel Boricen gobernuak oso borondate gutxi erakutsi du maputxeakaz berba egiteko. Wallmapu inguruan errepresio militar eta poliziala areagotzeko, ordea, borondate osoa erakutsi du. Beraz, ez dugu uste gatazka konpontzeko ezelako asmorik duenik. Halandabe, horrek ez du esan gura gu amore emango   dugunik. Eurek konpondu behar dute arazoa, beraiek direlako gertatzen ari denaren erantzuleak. Haiek dira lur honetan legez kanpo daudenak eta Wallmapun kokatuta dauden baso-enpresak babestu dituztenak, bai legeekin, bai haien segurtasunaz arduratuz.


No hay comentarios:

Publicar un comentario