lunes, 5 de febrero de 2024

Rayen Kvyeh (maputxeen ordezkaria): “Badirudi etsaiaren taktika berria sute handiak eragitea dela, zenbat pertsona hiltzen diren kontuan hartu gabe”

Txileko hegoaldean izandako sute handiek herrialde osoaren arreta 15 preso politiko komunero egiten dabiltzan gose greba likidotik aldentzea eragin dute, Rayen Kvyeh poeta eta ordezkari maputxeak aitortu duenez. Horietako bostek 86 egun daroate protestan, eta bi ospitaleratu egin dituzte jada. Suteei dagokienez, ezin da zenbatu zenbat herritar hil diren. Gose grebari dagokionez, preso politiko maputxeek protestagaz segitzea erabaki dute, estatuak epaiketa justu bat egiteko konpromisoa hartu arte, are gehiago leporatzen zaienaren frogarik ez daukienean. Epaiketa justua gura dute.


Kepa Ugarte Martiarena / Euskarazko kazetaria / Euskal Herria

Gaur egun, zein da preso politiko maputxeak egiten dabiltzan gose grebaren egoera?

Preso politiko maputxeek amaieraraino iristeko erabakia hartu dute. Batzuk nahiko gaizki daude eta medikuei deitu behar izan diete ikus ditzaten. Bostek 84 egun daramatzate gose greban eta gorputza oso hondatuta daukate. Oso ahul daude, gaizki daude. Hala eta guztiz ere, eurek erabaki dute egin dizkieten akusazioak eta ezarri zaien kartzela bertan behera uzten ez dituzten bitartean, eutsi egingo diotela eta gose grebarekin jarraituko dutela.

Hala ere, hondamendi handi bat gertatu da herrialdean...

Valparaison sute handia izan da, eta ezin zenba daiteke zenbat jende hil den kiskalita; oraindik ez dago zerrendarik. Zaurituak ere asko dira. Gainera, egin diren azterketetan, suteak nahita piztu dituztela ikusi da. Sute kriminalak izan dira. Horretaz gain, uda da hemen, eta tenperatura altuek suteak kontrolatzea zailtzen dute. Komunitate osoak suntsitu dituzte Valparaison.

Horrek zailago egiten du gose-grebari arreta ipintzea?

Bai. Horrek oso zail egiten du orain maputxeen gose-grebarekiko elkartasuna, jende solidarioaren arreta guztia sute handietan jarrita dagoelako. Duela hilabete gutxi, hemen, hegoaldean, maputxeen lurraldean ere, beste sute handi bat izan zen. Izan ere, badirudi etsaiaren taktika berria suteak eragitea dela, eta ez zaie axola zenbat jende hiltzen den. Hondamendi handia da, jendeak dena galtzen duelako. Baina, gainera, sutearen ondoren, lurrek ez dute balio, eta denbora asko igaroko da dena bere onera ekarri baino lehen.

Zertan datza herri maputxearen borroka?

Urte asko dira maputxeen lurraldeak inbaditu zituztela, garaiko gobernuek lagunduta. Baina, gainera, inbaditzen jarraitzen dute, lurrak mugatzen dituzten hesiak mugituz. Eta horregatik hartu zuen aspaldian maputxeen herriak lurrak eta bizitza bera defendatzeko erabakia. Guretzat maputxea izateak lurraren alde borrokatzea esan nahi du, bizitzeko dohaina bailitzan. Ez aberatsak izateko edo guretzat lan egiten duten basailuak izateko. Zoritxarrez, gobernuak ez dira behar bezain indartsuak izan, batez ere aurrerakoitzat jotzen zirenak, lurjabe handiek inbaditu baitituzte beti gure lurrak. Etengabeko erresistentzia da. Maputxe gisa, lurreko jende gisa, borrokan jarraitu behar dugu.


“Heriotzaraino iristeko prest” dago gose greban dagoen Esteban Henríquez preso politiko maputxea  


Melinao Likan (maputxe ordezkaria): “Gure Ama Lurra defendatzen jarraituko dugu, aurrerantzean etorriko zaizkigun legeek eta gobernuek egiten dutena egiten dutela” 



No hay comentarios:

Publicar un comentario